InicioBlogGezur terapeutikoa: zoriona eta duintasuna?

Gezur terapeutikoa: zoriona eta duintasuna?

Artikulu interesgarria irakurri dut, berriki, The New Yorker aldizkarian; «The Comforting Fictions of Dementia Care» («Dementziaren zaintzako fikzio kontsolagarriak») du izenburua, eta irakurgai gomendagarria da. Larissa MacFarquhar estatubatuarra da egilea, eta dementzia duten pertsonekin fikzioa erabiltzearen inguruan gogoeta egitera gonbidatzen gaitu, gero eta zabalduago dagoen jarduera baita.

Eztabaida interesgarria eta, aldi berean, konplexua abiarazi du horrela. Artikuluaren hasieran, zentro batean bizi den eta dementzia duen emakume baten kasua aipatzen du. Emakumeak senarraz galdetzeko ohitura du. Gizona duela urte batzuk hil zen, baina emazteak ez du hori gogoratzen.

Horrelako egoera baten aurrean, egia esan beharko genioke eta sufriarazi, jakinda gero ahaztu egingo duela eta sufrimenduzko egoera behin eta berriro errepikatuko dela, egunez egun?; ala, hobe litzateke senarra lanean dagoela esatea, besterik gabe? Errealitateari aurre egitea hobea al da errealitate ulergarriak eskaintzea baino? Zer da garrantzitsuagoa pertsona horientzat, duintasuna ala zoriona? Zuzenean esandako gezurra ezberdina al da beste engainu mota batzuen aldean, adibidez, okerreko pertzepzioak sustatzearen edo pertsonak dituen eldarnio edo haluzinazio faltsuak onartzearen aldean?

Egile ospetsuak aspaldi ari dira gaiaren inguruan hausnarketa egiten, besteak beste, Mitchell, Templeton, McCormack eta McCance. Gaiak baditu alderdi etiko sakonak, eta horien inguruko kezkak aipatuko ditut jarraian.

Lehenik eta behin, egiazkotasuna funtsezko osagaia da pertsonaren zaintzan eta pertsonarengan ardaztutako arretan. Bestalde, hor dago ez zuzentzeko irizpidea (pertsonari egia aurrez aurre ez jartzekoa eta bere pentsamenduarekin jarrai dezan uztekoa); nahitaezkoa ez den egia saihestea izan daiteke hori, gezurra baino gehiago. Azkenik, hirugarren bidea gezur terapeutikoa litzateke, hau da, pertsonaren hobe beharrez esaten den gezurra.

Gezurraren erabilera terapeutikoari etikaren ikuspuntutik begiratzen badiogu, kontuan hartu behar dugu pertsonei ongizatea eskaini behar diegula ongintzaren printzipioaren arabera. Baina, zer gertatuko litzateke, esaterako, dementzia duten pertsonek panpinak erabiltzearekin? Jardun horrek ez al dakar egoera infantilizatzeko eta dementzia duen pertsona haurra balitz bezala tratatzeko arriskurik? Bestalde, autonomiaren printzipioaren arabera, dementzia duten pertsonei euren lehentasunen arabera jokatzeko aukera eman behar diegu; hortaz, pertsona horietakoren batek panpinak erabili nahi baditu, horretarako aukera eskaini beharko genioke.

Ikuspegi horretatik begiratuta, oso garrantzitsua da kasu bakoitzaren aurrean hausnarketa egitea, betiere kontuan hartuta:

 

  • Ez dagoela ezer automatikoki ontzat edo txartzat jo daitekeenik.
  • Esku-hartzeak tresnak besterik ez direla, eta pertsonaren arabera eta haientzako duten esanahia aintzat hartuta erabili behar direla.
  • Tresnak errespetuz eta ulermenez erabili behar ditugula, eta dementzia duten pertsonen autodeterminazioa sustatuko duten jarduerak bultzatu.

Ikusten duzuenez, dilema konplexuaren aurrean gaude, eta ez du konponbide errazik. Agian ez dagoelako kasu guztietarako egokia eta unibertsala den erantzunik. Orduan, non dago gakoa? Nire iritziz, kontuan hartzekoak dira pertsona bakoitzak une bakoitzean bizi dituen baldintzak eta egoera. Hitz bakarrean esanda: pertsonalizazioa da gakoa.

Irakurgai hauen bidez gaia sakonago aztertzera gonbidatzen zaituztet:

» Mitchell G. and Templeton M. (2014). Ethical considerations of doll therapy for people with dementia. Nursing Ethics 21(6), 720–730. doi: 10.1177/0969733013518447
» Mitchell G. (2014). Therapeutic lying to assist people with dementia in maintaining medication adherence. Nursing Ethics 21(7), 844-521. doi: 10.1177/0969733014543886
» Mitchell G. and Templeton M. (2016). Therapeutic use of dolls for people living with dementia: A critical review of the literature. Dementia 15(5), 976-1001 doi: 10.1177/1471301214548522
 

Egilea

Matia Institutoko ikerlaria