InicioBlogZahartzeko inguruneak eraikitzen. 2018ko BSG konferentziaren laburpena.

Zahartzeko inguruneak eraikitzen. 2018ko BSG konferentziaren laburpena.

Joan den astean, Matia Institutuko ikertzaileetako bi, Elena del Barrio eta Sara Marsilla, Ingalaterrako Manchester hirira joan ziren, British Society of Gerontology-ren 47. konferentzian parte hartzera. Biok bizi izan dutenaren laburpen labur bat da hau, eta guztiekin partekatu nahi izan dute.

Ingalaterrara egin dugun bidaia

Etxera itzultzean, uztailaren 4tik 6ra bitartean Britaniar Gerontologia Elkarteak urtero antolatzen duen eta edizio honetan Manchesterreko Unibertsitatea topagune izan duen biltzarrean ikusi dugunaren xehetasun batzuk kontatu nahi dizkizuegu.

Aurten, hitzorduaren leloa honako hau zen: «Ageing in an Unequal World Shaping Environments for the 21st Century», hau da, desberdintasunez beteriko mundu batean, nola molda eta diseina ditzakegu zahartzaro onaz gozatu ahal izateko inguruak? Aurkeztu ziren lan gehienek, besteak beste, gizarte bazterkeriari, inguruneen lagunkoitasunari, bakardadeari edo desberdintasunari lotutako gaiekin zuten zerikusia. Hauskortasunaren, dementziaren eta etxeko zaintzaren arloetako txostenen presentzia ere nabarmena izan zen.

Lagunkoitasunak bidea ireki du nazioartean

Elena arduratu zen Matia Institutuaren estreinaldiaz, «Crossnational perspectives on age-friendly initiatives» (adinekoentzat lagungarriak diren ekimenei buruzko nazioz gaindiko ikuspegiak) izenburuko sinposioan, eta Euskadi Lagunkoia (Euskal Herriko hiri lagunkoien sarea) proiektuari buruzko hitzaldia eman zuen. Elenak ekimenaren historia eta funtsezko ezaugarriak errepasatu zituen, baita haren garapenari buruzko alderdiak ere, toki eta lurralde mailan (Twitterreko hitzaldiaren haria). 

Sinposio horretan bertan, Belgikako, Kanadako, Irlandako eta Erresuma Batuko lagunkoitasunari buruzko nazioarteko beste esperientzia batzuk ezagutzeko aukera izan genuen: Samuèle Rémillard-Boilardek Bruselan (Belgika), Manchesterren (Erresuma Batua) eta Montrealen (Kanada) egindako aurrerapenak alderatu zituen. Myriam Leleuk eta bere lankideek Valonia eskualdeko (Belgika) ikerketa parte hartzailearen programa aurkeztu zuten, behaketa espazialen eta elkarrizketa kualitatiboen ikuspegi osagarri batean oinarritua eta adineko pertsonek gidatua, soziologo baten eta bi arkitektoren gainbegiradapean. Bernard McDonaldek, berriz, Fingalgo Konderriko (Irlanda) bi hiritan adineko pertsonen esperientzien inguruan egindako ikerketa aurkeztu zuen.

Biltzarrean zehar, lagunkoitasunari buruzko hainbat sinposiotan parte hartu genuen, eta horrek agerian uzten du gerontologiaren esparruan gero eta garrantzi handiagoa duela gai horrek. Ikusi ahal izan genituen lan nabarmenetako batzuk eta haien egileak honako hauek izan ziren:

Adinekoentzako hiri lagunkoiak eraikitzen: aldaketarako manifestua

Lagunkoitasunaren etorkizunari buruzko hitzaldi interesgarrienetako bat Christopher Phillipsonena izan zen. University of Manchesterreko Tine Buffelekin batera, honako hau aurkeztu zuen: Aldaketarako manifestua. AF Cities and Communities proiektuaren garapena. Manifestuan lagunkoitasunaren inguruko mugimenduari buruz nabarmentzen diren erronketako batzuk honako hauek dira: austeritatearen ekonomiak toki erakundeetan duen eragina; gizartean baztertuta dauden taldeekin lan egitea; hiri garapenaren presio batzuei erantzuteko beharra, hala nola hirien gentrifikazioari; etxebizitza eskuragarrien urritasunak eragindako belaunaldien arteko tentsio gero eta handiagoak, eta adinkeriak eta estereotipoek adineko pertsonengan duten inpaktua.

Material honetan bertan ondorioztatzen denez, aurrera egin behar da lagunkoitasunaren inguruko mugimenduan, dibertsitatean lan eginez, askotariko pertsonak barne hartuz —hala nola mendetasun egoeran daudenak, gutxiengo etnikoak, narriadura kognitiboa dutenak eta abar—, askotariko pertsona horiek ikertzailekidetzat hartuz, prozesu osoan eginkizun aktiboa betez eta, azkenik, sektore anitzeko lankidetza garatuz, non beste mugimendu batzuk ere sartzen diren, hala nola hiri adimendunena (smart cities), hiri osasungarriena eta hiri jasangarriena. Era berean, gai berriak sartu behar dira lagunkoitasunaren inguruko mugimenduan, esaterako efizientzia energetikoa, kutsaduraren murrizketa eta klima aldaketaren eraginari eman beharreko erantzuna.

«Bakardade maitea, ezin al gara ongi konpondu?»

Saio berean, Vinal Karania (Age UK) eta Royce Turner (University of Huddersfield) hizlariek «Perspectives on social isolation and loneliness» komunikazio interesgarria aurkeztu zuten, esparru teoriko jakin bati helduta: elkarrekintza esanguratsuak ahalbidetu egiten du zahartzaroko gizarte isolamenduaren eta bakardadearen nolakotasuna eta esperientzia ulertzea.  Komunikazio horretan maiz aipatu zituzten inguruneko elementu urbanistikoak eta fisikoak. Merryn Gottek eskainitako «Culturally diverse experiences of social connectedness and befiending services» hitzaldian, berriz, nahi gabeko bakardade egoerak hobetzeko ekimenetan kulturaren alderdia kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu zen.

Lagunkoitasunari buruzko lanen presentzia nabarmendu dugu, eta aipagarria da, halaber, bakardadearen gaia aski aztertu zela biltzarrean zehar, saio eta sinposio askotan hizpide izan baitzen. Ekarpen interesgarrienen artean honako hauek azpimarratuko ditugu:

Askotariko bakardadeak, askotariko begiradak.

Bakardadearen gaiari erreparatuta, deigarria iruditu zitzaigun komunikazio askotan ondorio negatiboak nabarmendu zituztela, heriotza goiztiarra edo lanerako ezintasun goiztiarra, adibidez. Bakarrik dauden pertsonak errudun ez egitearen eta bakardadea ez medikalizatzearen aldeko ikuspegi normalizatzailearen inguruko ekarpenak oso interesgarriak izan ziren. Ildo horretan, bakarrik sentitzen diren pertsonen egoera modu berritzailean hobetzea helburu duten zenbait esperientzia eta proiektu ikusi genituen. Zerbitzuak bateratzea proposatzen dute, egitasmoak eskualdeko ezaugarri kulturaletara egokitzea edota komunitatea jendartean integratzea.

Hausnartu, ikertu eta beste ikertzaile batzuekin esperientziak partekatu ondoren argi ikusi dugunez, bakardade sentimenduak denboran luzatzen badira, pertsonen egoerara egokitutako estrategia eraginkorrik ez badago sentimenduok kudeatzeko, eragin negatiboa dute ongizatean. Sentimendu horiek ez dira zahartzaroan bakarrik sortzen, baina adinekoengan indartsuagoak eta luzeagoak izan daitezke, eta bizitzako zenbait arlotan eragin negatiboa izan dezakete, are gehiago beste egoera batzuekin bat egiten badute: bakarrik bizitzea, osasun arazoak, alarguntasuna eta arazoak etxebizitzaren eta/edo ingurunearen lagunkoitasunean.

Bakarrik eta ongi bizi daitekeela berretsi dugu, baina horrek esku hartzeak eskatzen ditu, jakina, alderdi indibidualetan, komunitarioetan eta ingurumenekoetan, eta, horiekin batera, beharrezkoak dira prebentzioa, sentsibilizazioa, normalizazioa eta orientazioa. Eta hori guztia aurrera eramateko, denok batera egin behar dugu lan pertsonen ongizatearen alde.

Etorkizunera begira…

Behin etxera itzulita, bizi izandakoaren balorazioa eginez, esperientzia oso positiboa izan dela ondorioztatu dugu. Aukera izan dugu munduko leku askotan martxan dituzten proiektuen berri zuzenean jasotzeko. Zahartzen ari diren pertsonen ongizatea hobetzea da guztien helburua. 2019an Liverpoolen egingo den biltzarrera itzultzea eta partekatzeko lan berriak eramatea espero dugu. Ekitaldiak badu izenburua: «Resilience and living well in local communities».

 

Aurretik, datorren irailaren 14an Gasteizen elkar ikustea espero dugu, Lagunkoitasuneko jardunbide egokiak Europan jardunaldien II edizioan. Euskadi Lagunkoiaren jardunaldiotan egongo dira, besteak beste, Alex Kalache, Fiona Murphy eta Stephen Johnston. Izena lehenbailehen ematea aholkatzen dizuegu, aforoa mugatua baita. See you soon!

 

Egilea

Matia Institutuko ikertzailea

Egilea

Matia Institutuko ikertzailea

Añadir nuevo comentario

Plain text

  • No se permiten etiquetas HTML.
  • You may use [block:module=delta] tags to display the contents of block delta for module module.
  • You may use [view:name=display=args] tags to display views.
  • Las direcciones de las páginas web y las de correo se convierten en enlaces automáticamente.
  • Saltos automáticos de líneas y de párrafos.