HasieraBloga​Depreskripzioa al da polimedikazioaren sendabidea?

​Depreskripzioa al da polimedikazioaren sendabidea?

Adineko pertsonen kasuan, medikamentuen erabilerak arazo ugari dakartza; izan ere, zahartzeko prozesuan gure organismoan aldaketa fisiologikoak gertatzen dira eta horiekin lotutako gaixotasun kronikoak azaltzen dira.

Terapia farmakologikoa gaixotasunak kontrolatzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat bada ere, herrialde garatuetan lehen mailako osasun arazo bilakatu da adinekoen polimedikazioa*, batetik oso orokortuta egonik goraka doalako, eta bestetik, botiken hartzaileentzat dituen ondorioak direla eta. Polimedikatuta dauden pertsona askok desegokiak izan daitezkeen preskripzioen tasa altua dute, eta beraz, medikamentuen aurkako erreakzioak pairatzeko arriskua dute.

Horrek garrantzi berezia du egoera ahulenean dauden pazienteen kasuan, hala nola hauskortasuna, sindrome geriatrikoak, funtzionaltasun galera, narriadura kognitiboa edo horien guztien batuketa baldin badute. Subjektu hauskorrak eta/edo aurreratutako gaixotasun kronikoak dituztenak identifikatuz, berariazko arreta farmakologikoa eskaini ahal izango diegu aiatrogenia medikamentosoaren aurrean ahulenak diren pertsonei, eta horietako bakoitzaren bizi egoerari egokitutako erabakiak hartu ahal izango ditugu.

Testuinguru horretan azaldu da lehenengoz “deprescribing” (depreskripzio) terminoa, hitz anglosaxoia; horrela esaten zaio polimedikazioak eragindako osasun ondorio txarrak oneratzeko helburua duen prozedurari. Definiziorik zabalduenetako bat Reevek eta bere lankideek emandakoa da: «medikamentu desegokia erretiratzeko prozesua da, osasun arloko profesional batek gainbegiratuta egiten dena, polifarmazia kudeatu eta emaitzak hobetzeko helburuarekin».
Depreskripzioa aurrera eramateko estrategia ezberdinak badaude ere, tratamendu farmakologikoen berrikuspenak dira hedatuenak, irizpide esplizituetan edo irizpide inplizituetan oinarritutako berrikuspenak, hain zuzen. Irizpide esplizituek adinekoentzat desegokiak izan daitezkeen botiken zerrenda hartzen dute kontuan; irizpide inplizituek, berriz, judizio klinikoei erreparatzen diete. Judizio kliniko horietan pertsonaren erregimen terapeutiko osoa ebaluatzen da, eta hori lagungarri da desegokiak izan daitezkeen preskripzioak, beharrezkoak ez direnak eta onura baino arrisku handiagoa dakarten medikamentuak bereizteko.

Depreskripzioko estrategiei esker behera egin dute bai adineko pertsonek hartzen dituzten botiken kopuru osoak bai desegokiak izan daitezkeen preskripzioek. Era berean, berriki egindako berrikuspen sistematikoen eta depreskripzio azterketetan oinarritutako meta-analisien arabera, heriotza tasak behera egiten du tratamenduak berrikusteko esku-hartzeekin. Nolanahi ere, berrikuspen eta analisi horiek ez dute datu eztabaidaezinik ematen beste aldagai batzuen inguruan, adibidez, medikamentuen aurkako erreakzioak gutxitzeari edo berrospitaleratzeen kopuruak behera egiteari buruz.

Ezaguna dugun tsunami demografikoaren aurrean, ezinbestekoa da depreskripzio estrategiak erabiltzea eta ildo horretako ikerketekin aurrera egitea, esku-hartzeko eredu egokiak zehaztu ahal izateko. Oso medikalizatuta dagoen adineko gizartean premiazkoa da osasunaren alorreko profesionalen ekinbidea.

(*) Termino kuantitatiboetan adierazita, egunean 5 medikamentu kroniko edo gehiago hartzea 3 hilabetez jarraian gutxienez.

Gomendatutako irakurgaiak:
Wastesson J.W., Morin, L., Tan E.C.K., Johnell, K. An update on the clinical consequences of polypharmacy in older adults: a narrative review. Expert Opinion on Drug Safety 2018; 17(12), 1185-1196, DOI: https://doi.org/10.1080/14740338.2018.1546841

Espaulella-Panicota J, Molist-Brunet N, Sevilla-Sáncheza D, González-Bueno J et al. Modelo de prescripción centrado en la persona para mejorar la adecuación y adherencia terapéutica en los pacientes con multimorbilidad. Rev Esp Geriatr Gerontol 2017; 52(5), 278–281. DOI: https://doi.org/10.1016/j.regg.2017.03.002

Reeve E, Thompson W, Farrell B. Deprescribing: A narrative review of the evidence and practical recommendations for recognizing opportunities and taking action. European Journal of Internal Medicine 2017; 38, 3–11. DOI: https://doi.org/10.1016/j.ejim.2016.12.021

Page AT., Clifford RM., Potter K, Schwartz D., Etherton-Beer CD. The feasibility and effect of deprescribing in older adults on mortality and health: a systematic review and meta-analysis. Br J Clin Pharmacol 2016; 82(3) 583–623. DOI: https://doi.org/10.1111/bcp.12975

Gutiérrez-Valencia, M., Martínez-Velilla N., Vilches-Moraga A. Polypharmacy in older people: time to take action. European Geriatric Medicine 2019; 10(1), 1-3. DOI: https://doi.org/10.1007/s41999-018-0140-5

Egilea

Farmazialari espezialista Matia Fundazioaren Bermingham ospitalean