HasieraBlogaNarriadura kognitibo arina, ezkutuko etsaia

Narriadura kognitibo arina, ezkutuko etsaia

Duela gutxi, Geriatria eta Gerontologiako Espainiako Elkarteak Donostian egindako Biltzar Nazionalean, narriadura kognitibo arinari (NKA) buruzko berrikuspen bat egin nuen dementzien taldeko txosten batean, eta zabaltzeko interesgarria delakoan nago.

Narriadura kognitibo arinak 70 urtetik gorako pertsonen % 14-18 hartzen du eraginpean, eta tasak oso desberdinak dira erabilitako irizpide diagnostikoen eta aztertutako biztanleria motaren arabera (komunitatea, oroimen-unitateak). Zahartzearen Amerikako Institutu Nazionalak 2011. urteko adostasuna lortu ondoren, honela definitzen dira sintoma nuklearrak: oroimen subjektiboaren alterazioa eta beste dominio kognitibo batzuen afektazioa, afektazio funtzionalik gabe eta dementzia-irizpideak bete gabe. Jokabide-nahasmenduak maiz agertzen dira (depresioa, suminkortasuna, antsietatea edo apatia). Pazienteen ehuneko bat funtzionamendu kognitibo normal batera itzul badaiteke ere (horrek gerta daitezkeen aldaketa dinamikoen berri ematen duela kontuan hartuta), garrantzitsuena zera da, dementziarako joeraren arriskua % 10 dela urtean (narriadura kognitibo arina ez duten pazienteen kasuan, % 1-2 urtean), lehen urteetan nagusiki. Nolanahi ere, honako faktore hauek probabilitatea handiagotzen dute: adinak, diabetes mellitusak, maila neuropsikologikoan gogoratze libre geroratuaren ebaluazioak eta ezagutze bisualeko oroimen-zereginek, alterazio afektiboek, gaixotasun kardiobaskularrek eta ibileraren patroi jakin batzuek. Bereziki garrantzitsua da, pazientearen eta hurbilekoen funtzionamenduaren gaineko eraginaz gain, heriotza-tasa batez ere gizonezkoen eta gaixotasun kardiobaskularren kasuan areagotzen dela.

Oroimen subjektiboaren nahasmendu baten berri izatean, arrazoi sistemiko posibleak hauteman behar dira (nagusiki tiroideoak, B12aren defizita, folatoak eta ondorio antikolinergikoak edo neuropsikiatrikoak dituzten sendagaien bigarren mailako ondorioak). Baheketa-proba espezifikoak egin dira, hala nola narriadura kognitiboa dagoen ala ez zehazteko Addenbrokeko eta Montrealgo ebaluazio kognitiboak eta narriadura kognitibo arina eta dementzia bereizteko Memory Alteration test izeneko proba eta proba laburra (QCST). Odol eta likido zefalorrakideoko biomarkatzaileen eta zenbait eremu (hala nola atzeko zingulua, hipokanpoa eta erdiko gingil tenporala) ebaluatzen dituzten neuroirudi funtzionaleko proben baliagarritasuna frogatu gabe dago ohiko praktika klinikoan, oso proba desberdinak baitaude gaur egun, baina interesgarriak dira ikerketa klinikorako, horietako batzuen baturak iragarpen-informazio ugari ematen baitu.

Iturria: Flickr Egilea: J.C. Darcy

Ikuspuntu terapeutikotik, ahaleginak egin dira dementziarako progresioa aldatzeko. Horretarako, azetilkolinesterasaren inhibitzaileak, hantura-kontrakoak, sudurretik hartzeko intsulina eta nikotina-adabakiak erabili dira, baina eraginkortasun urria izan dute.

Gauzak horrela, narriadura kognitibo arina kontzeptu dinamikoa eta heterogeneoa da, haren fisiopatologia ez da behar bezain ongi ezagutzen, neurketa-tresnak askotarikoak dira, eta emaitza-aldagaiak desberdinak; beraz, bide luzea geratzen da oraindik. Beharbada, kontzeptuaren inguruko sentsibilizazioa izango da garrantzitsuena, familiak, gizartea bera, eta bereziki auzokoak edo sare sozialik hurbilena aldaketa kognitibo goiztiarrak ezagutzeko gai izan daitezen eta, era horretan, erabaki egokiak hartu ahal izan daitezen, pazientearen beraren segurtasunari begira. Gai hori berrikusteko, ondorengo artikulua irakurtzea gomendatzen dut.

Langa K et al. JAMA 2014;312 (23):2551-2561

 

Egilea

Matia Fundazioako medikua