HasieraBlogaZainketa aringarrien unitatearentzako gutuna

Zainketa aringarrien unitatearentzako gutuna

ESKERRIK asko denoi, PERTSONA guztioi. Bai, letra larriz, PERTSONA guztioi.

Alde batera utzita erizainak, medikuak, psikologoak edo laguntzaileak zareten. Gizatasunaren eredurik garbienak zarete denak.

Eskerrik asko inoiz baino erizainago sentiarazi nauzuelako.

Hain unitate delikatuari beldurra kentzen lagundu didazuelako. Eta, areago, unitatearekiko eta bertan egiten denarekiko grina bizia sorrarazi didazuelako. Heriotza bizitzako beste etapa bat dela ikusarazi didazuelako. Sufrimendurik gabeko eta gaixo eta familientzako lasaitasunez betetako etapa bat dela.

Leku gutxitan ikusten den jarrera berezi horretaz jabetzen irakatsi didazuelako, pazientzia handiz.

ENPATIA hitzari indarra eman diozuelako.

Arindu, baretu, lasaitu, lagundu eta zaindu hitzen esanahia errealitate bihurtu duzuelako.

Inork ez bezala zaindu nauzuelako. Eta nola ez zenuten egingo, ba? Horixe egiten baituzue egunero zuen lanean, unitate honetako geletan dauden pertsonekin. Eta ez dut esaten pazienteekin bakarrik, horiei ez ezik beste batzuei ere ematen baitiezue gozotasuna eta lasaitasuna. Familien babesa ere bazarete. Negar egiteko sorbalda, zama guztia gainetik kentzeko besarkada.

Zuenganako miresmen handia sentitzen dut, zuen lanagatik, zuengandik hurbil egonda besterik gabe ematen duzuen bakeagatik.

Sei urte dira erizaina naizela, eta, azken bi hilabeteetan, unitate honetako lanaldiaren ondoren etxera heltzen nintzenean, inoiz baino erizainago sentitzen nintzela esan nezakeen. Artean biderik kanalizatu edo maskuriko zundarik jarri ez arren. Pazienteak zaindu, arindu eta babestu egiten nituen, bakarrik ez zeudela sentiarazi. Eta horrek, erizain ez ezik, gizatiarrago ere sentiarazten ninduen.

Eskerrik asko berriro ere, zuengandik ezagutza baino zerbait gehiago jaso dudalako: JARRERA bat jaso dut. Eta badakit hori nirekin egongo dela beti, edozein unitatetan, edozein pazienteren aurrean.