HasieraBloga«Zer egin behar den badakigu… zergatik ez dugu egiten?» «Pertsonarengan ardaztutako arretaren esparruan, ezagutza jardunbide profesionalera eramateari buruz»

«Zer egin behar den badakigu… zergatik ez dugu egiten?» «Pertsonarengan ardaztutako arretaren esparruan, ezagutza jardunbide profesionalera eramateari buruz»

Teoriaren eta jardunaren arteko banaketa ahotik ahora dabil ezagutzaren esparru askotan. Post honen goiburuan ageri den galderak, bereziki, aspalditik datorren gai bat azaleratzen du: gerontologiaren alorrean dagoen ezagutza eta ezagutza hori esparru profesionalera eramatearen artean dagoen etena.

Azken hamarkadan, gero eta gehiagotan nabarmendu da zer-nolako garrantzia duten testuinguruari lotutako faktoreek eta faktore pertsonalek, zahartze aktiboa sustatzeko edota mendekotasun egoeran dauden pertsonen mugak konpentsatzeko. Alabaina, era guztietako gaietan lortu den ezagutza hori oso astiro eta zailtasun handiz txertatzen da esku hartzeetan, esku hartzeko formatuetan eta baliabideetan.

Pertsonarengan ardaztutako arretarekiko interesa handituz doan heinean, berriro ere azaleratu da ikerketaren eta esku-hartze profesionalen artean dagoen ibilbide bereizien, eta askotan kontrajarrien, auzia, batez ere egoitzen esparruan.

Froga garbiak ditugu (berriro ere!) profesionalen jarrerak, emozioek eta jokabideek ageriko inpaktua dutela artatzen dituzten pertsonengan, eta batez ere baliabide funtzional edo kognitibo gutxien dituztenengan. Askotan, ezagutza horiek dokumentu teknikoen edo prestakuntza jardueren bidez zabaltzen dira, gomendio argi eta zehatzak emanez, jokabide egoki eta desegokiak azalduz… Alabaina, atsotitzak dioen bezala, « esana da erraz eta egina garratz». Hartara, ez da beti informazio hori barneratzea lortzen, jardunbide profesional berri eta hobeen bidez gauzatzeko.

Ez dago esan beharrik egoitza zentroetako ingurune fisikoaren diseinuan eta antolamenduan egindako aldaketek (hala nola bizikidetza unitateak sortu izanak edo profesionalen egonkortasuna sendotu izanak) profesionalen eta egoiliarren ezagutza handiagoa lortzen lagundu dutela, eta profesionalen inplikazio handiagoa eta arretaren pertsonalizazioa ekarri. Halere, esperientziak erakutsi digu neurri horiek ezinbestekoak badira ere, ez direla nahikoak bere horretan.

Albiste onak ere baditugu, baina. Gero eta azterketa gehiagok hartzen dute kontuan adinekoen partaidetza aktiboa, beraien ikuspuntutik arreta ona zer den zehazteko. Begirada berri hori jasotzen duten azterketen emaitzek diote gai ugaritan hezurmamitzen dela pertsonek nahi duten arreta: janariaren alorrean, norberaren nortasunari eusteko aukera ematen duten jarduera esanguratsuetan, edota zaintzaile eta senitartekoen maitasuna eta estimua sentitzean, besteak beste. Eguneroko kontuak dira, adinekoek eta profesionalek egunero bizi dituzten ohiko egoeren xehetasunei eta berezitasunei lotutakoak.

Horrenbestez, profesionalei (eta ikertzaileei) nahiz artatutako pertsonei gaitasunak adierazteko eta hobetzeko aukera eskainiko dieten topaguneak sortzeaz ari gara, ikaskuntzak txertatzeko, konpetentziak sendotzeko eta ongizatea esperimentatzeko aukera eskainiko dizkieten topaguneak sortzeaz.

Ebidentzian oinarritutako esku-hartze profesionaletarako agertoki berriak dakartza horrek guztiak. Ildo horretan, berebiziko garrantzia hartzen du «gauzak gertatzen diren tokian» laguntzea profesional eta adinekoei; beraiekin batera hartzea parte adinekoen (eta zaintzaileen) autonomia eta ongizatea bultzatuko dituzten neurri eta jardun profesionalak identifikatzen, txertatzen, mantentzen eta sendotzen.

Bestela esanda, profesionalek eta egoiliarrek partekatzen dituzten eguneroko ibilbideek eskaintzen dizkiguten aukerez baliatzea ezagutza transferitzeko. «Win win» estrategia da, inplikatu guztiek irabazi eta ikasi behar baitute.

Pixkanaka, «jardunean» eskuratutako prestakuntzako eta hezkuntzako esku-hartze horien baliagarritasunaren inguruko ebidentziak eskuratzen ari gara, ikerketan ikasitakoari esker, egunerokotasunean ongizatea sortzen duten «gauza txikiak» identifikatzen eta indartzen laguntzeko.

Hartara, Pertsonarengan Ardaztutako Arretaren alorreko ikerketak pertsonen iritzia eta nahia baloratzera eramaten gaitu; pertsonek bizi dituzten eguneroko kontuetan esku-hartzeko bide berrien garrantzia identifikatzera.

Ikertzaileok erronka ugari ditugu aurrean, beraz: ingurune aldakor eta orotarikoetan ezagutza sortzea; baliabideak eta gaitasunak bultzatu eta sustatuko dituzten rolak garatzea; orotariko jakintzak, ikuspegiak eta interesak integratzea… Horra hor erantzun beharreko galderetako batzuk, ezagutzak bere horretan duen balioaz gain, pertsonen bizitza hobetzen ere lagun dezan.

Ebidentzietan oinarritutako ezagutza bilatu behar dugu, lankidetza eta begirada berriak funtsezko alderditzat hartuta. Afrikako atsotitzak dioen bezala: «bizkor iritsi nahi baduzu, zoaz bakarrik. Urrun iritsi nahi baduzu, zoaz taldean».

Lehen aipatutako guztia kontuan hartuta, Matia Fundazioak lanerako espazio komun bat eraiki du (elkarlaneko ikerketa), zaintzaren arloko profesionalak eta pertsonak harremanetan jartzeko aukera ematen duena, hainbat iritzi trukatzeko, ezagutzak transferitzeko eta esperientziak partekatzeko agertoki bat sortzeko. Datorren martxoaren 5ean Donostian egingo den "Esanguratsu eta egunerokotasunetik ongizatea eraikitzen" jardunaldian aurkezteko asmoa dugu, eta bertara joateko gonbita egiten dizuegu. Merezi izango du elkar ikustea.

Egilea

Pertsonarengan oinarritutako arretan aditua