HasieraBerriakHousgai proiektua, adinekoei beren etxean zahartzea ahalbidetzeko eredu berriak probatzekoa, Sestaoko etxebizitza pilotu batean gauzatu da

Housgai proiektua, adinekoei beren etxean zahartzea ahalbidetzeko eredu berriak probatzekoa, Sestaoko etxebizitza pilotu batean gauzatu da

01.01.2013

Sestaoko udalaren, Sestao Berriren eta Housgai proiektuko enpresa partzuergoaren arteko lankidetzari esker, ikerketa proiektu aitzindari horren esperientzia pilotua abiatuko da, arratsalde honetan bertan, Sestaoko udal etxebizitza batean. Eusko Jaurlaritzak Etorgai programaren baitan finantzatutako ekimena da. Zenbait enpresa, unibertsitate, zentro teknologiko eta ikerketa zentro, Matia Fundazioaren zuzendaritzapean, programa hori garatzen ahalegindu dira, azken hiru urteetan.

Housgai proiektuaren barruan, adinekoei beraien etxean zahartzeko aukera emango dieten arreta soziosanitarioko eredu berriak probatu dira; horretarako, hainbat alderdi uztartu dira, hala nola: laguntza soziosanitarioari dagozkionak, ingurunea birgaitzea eta egokitzea, eta dagoeneko abian diren zerbitzuak eta beste berri batzuk bateratzea.

Urrats bat gehiago da, arreta soziosanitario iraunkorrerako beste eredu bat zehazteko prozesuan. Eredu horren bidez, adinekoen, haiek zaintzen dituzten senideen eta, oro har, gizartearen premia berriak hartu nahi dira aintzat. Hainbat ikerketak aditzera ematen dutenez, adinekoek beren etxean eta ohiko ingurunean geratu nahi dute, baita horretarako laguntza behar badute ere, eta arreta soziosanitarioko eredu berriak horretan lagundu nahi die.

Orobat, ezaugarri soziodemografiko berriak kontuan hartuko dituen eredua garatu nahi da; izan ere, 65 urtetik gorako biztanleria hazkunde esponentziala ari da izaten. Zalantzarik gabe, osasun eta gizarte hobekuntzen arrakastaren seinale da zahartze demografikoa. Baina, horrez gain, erronka handiak ere badakartza, arlo hauetan alegia: pertsonen eta familien bizitza kalitatean, ekonomian, administrazio publikoetan, ikerketa lehentasunetan, eta osasun eta gizarte sistemen berrantolaketan.

Ikuspuntu horrek aukera emango du, egungo egoera sozioekonomikoarekin bat etorriko diren politika publikoak lantzeko gomendioak egiteko. Halaber, negozio plan dinamiko, berri eta emankorragoak diseinatzen lagunduko du, berrikuntza teknologikoa, ekonomikoa eta soziala uztartuz, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren zahartzearen erronkari aurre egiteko.

Etxebizitza pilotua: ezaugarriak, zerbitzuak eta emaitzan balioeztapena

Arratsalde honetan bertan sartuko da ohiko erabiltzailea izango dena: Sestaoko emakume bat, 75 urtekoa. Udal etxebizitzetako maizterra da, eta haren profila proiektuaren premia zehatzekin bat datorrelako aukeratu dute. Aukeratu ondoren, emakume horren mendekotasuna balioztatu zen, haren errealitatea eta etxean zeuzkan beharrak ezagutzeko. Proiektuak aurrera egin ahala, beste bi balioztapen egingo dira: bi astera bata eta hiru hilabetera bestea. Pertsonak etxebizitza berrian zer bilakaera duen jakiteko eta Housgai proiektuaren potentzialtasunetatik ondorioak ateratzeko aukera emango du ikerketak.

Etxebizitza hori Sestaoko udaleko etxebizitza parkekoa da, eta Sestao Berri sozietate publikoak kudeatzen du. Bertan, zenbait esku hartze egin dira, etxean bertan eta ingurunean; lehenik eta behin, eraikinean sartzeko arkitektura oztopoak kendu dira.

Etxearen barrualdea zaharberritu egin da, mugikortasunari, segurtasunari, kontrolari eta bestelakoei dagokienez askotariko beharrak dituzten adinekoentzat erabiltzeko errazagoa izan dadin. Etxebizitzak egongela, jangela eta sukaldea biltzen dituen eremua, bi logela eta bainugela ditu.
Oinarri teknologikodun zerbitzuak ditu etxeak, hala nola, parametro fisiologikoak (pisua, tentsioa, glukosa) kontrolatzeko zerbitzua, dieta osasungarriak programatzeko zerbitzua, ohituren segimendua egiteko zerbitzua eta istripuei aurrea hartzeko etxeko zaintza-zerbitzua.

Teknologikoak ez diren zerbitzuen artean, nabarmentzekoa da aipatu den osoko balorazioa; izan ere, hori abiapuntutzat hartuta eta adinekoaren gustuen eta nahien arabera, harekin adostuko da zein zerbitzu jasoko dituen. Zerbitzu horien artean batzuk berriak dira, esaterako, ohitura osasungarrien segimendua, teknologia berrietan trebatzea, laguntza teknikoa, 24 orduetako laguntza-zerbitzua, etab. Horiekin batera lehendik zeuden zerbitzuak eskaini dira, besteak beste, etxeko laguntzarena.

Housgai proiektua eta haren helburuak

Esperientzia pilotu hori hiru urte iraun duen ikerketa proiektu baten ageriko emaitza da. Proiektu horretan, hainbat helburu garatu dira: adinekoen profilen ezaugarriak; etxebizitzak birgaitzeko arkitektura sistema eta produktuak berritu beharrak; etxebizitzen birgaikuntza eta egokitzapena; eraikinen birgaikuntza, energia eraginkortasuna, erosotasuna, ekipamenduak eta gailuak kontuan hartuta; eta arretako eta zerbitzu hornikuntzako eredu baten definizioa.

Helburu orokorrak hiru azpiproiekturen inguruan garatu dira; hona hemen: eraikinak birgaitzea, eta etxebizitzak egitea eta egokitzea; informazioaren eta komunikazioaren teknologiak etxebizitzan erabiltzea; eta etxea zerbitzu berriez hornitzea.

Housgai, ekonomiaren eta industriaren alorreko eraginak dituen proiektua

Housgai proiektua, Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatua, Etorgai programaren barruan dago. Arlo estrategikoetako industria ikerketako proiektuak finantzatzea da programa horren helburua. Tamaina handiko proiektuak dira, irismen zientifiko eta teknologikokoak. Gainera, Etorgai programak ikerketa planifikatua garatzeko helburua du, teknologiarekin lotutako etorkizuneko eta nazioarteko potentzialeko jarduera esparru estrategikoetan.

Housgai proiektuaren helburuek elementu hauek hartzen dituzte barne, bereziki: etxebizitzaren eta ingurunearen irisgarritasunerako eraikuntza konponbideak, eta informazioaren eta komunikazioen teknologiak. Sektore soziosanitarioko lehiakortasuna, berrikuntza eta segurtasuna bideratu nahi da haien bidez, kasu honetan jarduera esparrua etxebizitzan bertan zehaztuz. Produktu edo zerbitzu berriak edo hobeak sortzea da kontua, patente berriak lortzeko eta oso espezializatutako enplegua sortzeko, EAEko produkzio sarearen posizionamendu teknologikoa hobetze aldera.