HasieraBerriakMatia Fundazioa "European Social Services Awards" sarietarako izendatua

Matia Fundazioa "European Social Services Awards" sarietarako izendatua

23.11.2019

Jakina denez, dementziarekin batera gertatu ohi diren hizkuntza-funtzioen alterazioek komunikazioa zailtzen dute,  batzuetan pertsonak bere kabuz hitz egin ein duen punturarte. Horregatik da hain konplexua pertsona horien ongizate-maila zehaztea, eta alderdi hori lehen mailako erronka bihurtu da errealitate hori lantzen duten profesional guztientzat, eta, bereziki, pertsona ardatz duen arretaren ikuspegitik lantzen dutenentzat.

Egoera horri nolabaiteko erantzuna eman nahian, Matia Fundazioko eta Matia Institutuko ikertzaileek Libe eskala (BienEstar adierazleen zerrenda) garatu eta balioztatu dute. Zuzeneko behaketa-tresna bat da, eta haren bidez dementziarekin bizi diren pertsonen ongizatearekin lotutako zenbait alderdi balioetsi ahal izango lirateke, modu sinple eta azkar batean.

Libek 11 adierazle ditu, eta horien bitartez, profesionalak epe luzeko arreta-zentroetan bizi diren eta dementzia duten pertsonen ongizatearekin zerikusia duten lau arlo ebaluatzen ditu. Arlo horiek honako hauek dira: beste pertsona batzuekiko interakzioa, ingurumenarekiko interakzioa, hautatzeko aukera eta ongizate-portaeraren adierazpenak. Iaz balioztatu ondoren, tresna aldizka erabili da, eta pixkanaka txertatu da Matia Fundazioak Gipuzkoan dituen zentroetan laguntza jasotzen duten 1.700 pertsona baino gehiagoren ebaluazio-prozesuan. Libe bere sorreratik diziplinarteko tresna gisa planteatu da, eta, horretarako, hainbat profesional gonbidatu ditu bere garapenean parte hartzera: ikertzaileak, psikologoak, mediku geriatrikoak, erizainak, gizarte-langileak eta terapeuta okupazionalak. Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen aldizkari zientifikoan eskala berritzaile hau argitaratzea berehalakoa izan daiteke.

Ekimen horri esker, "European Social Services Awards" erakunde nominatuen artean Matia agertu ahal izan da, Metodo eta tresnen kategorian. Sari horren bidez, European Social Network erakundeak gizarte-zerbitzuen bikaintasuna aitortzen du, eta arlo horretako jardunbide onenak identifikatzen eta sustatzen ditu.

Azaroaren 21etik 29ra, ostegunetik ostiralera, interesa duen edonork eman dezake bozka hemen.