Matia Fundazioaren “Jardunbide Egokien Menua” azterlanak irabazi du Laboratorios Ordesa eta Inforesidencias erakundeek antolatutako Adinekoen Egoitzetako eta Zentroetako Elikadura Jardunbide Egokien Nutrisenior saria.
Azterlanak ikerketa osoa eta berrikuspen teoriko-praktikoa jasotzen ditu, dementzia duten pertsonek jateko orduan duten bizi kalitatea hobetzea helburu duten jardunbide eraginkorrak dokumentatzeko. Epaimahaiak proiektuaren kalitatea baloratu du, baita hura erabiltzaileen egunerokotasunean aplikatzeko egokitasuna ere. Ekimena dementzia ertaina edo aurreratua duten pertsonei bideratuta dago, eta “Ondo Jatearen Taldea” deiturikoa osatzen duten espezialitateetako profesionalak hartzen ditu barne, betiere pazientearen hainbat alderdi kontuan hartuta, hala nola haren baldintza fisikoa, nutrizioa eta gizarte harremanak.
Matia Fundazioa eta Matia Institutua pertsonarengan ardaztutako arreta ereduaren aldaketan murgilduta daude duela zenbait urtetatik. Arreta eredua (pertsonaren erabakiak eta gustuak errespetatzea, aukeratzeko gaitasuna sustatzea, autonomia mantentzea, gozamena, zentzuzko jarduera eta abar) gehien nabarmentzen den testuinguruetako bat otorduena da.
Azterketak informazio asko eskaintzen ari dira laguntza jardunbideen eta inguruko elementuen inguruan. Azterketaren hurrengo iterazioak nutrizioarekin eta bizi kalitatearekin lotutako alderdiak jasoko ditu eta, beraz, lehen azterketa osatuko du, profesionalok egiten dugunaren eta horrek pertsonengan eragiten dituen ondorioen arteko loturak islatuz.
Oso informazio baliagarria ez ezik, arreta zuzeneko profesionalek zentroetan sortutako jardunbide berriak ere erakusten dizkigute azterlanek, praktikaren eta akonpainamenduaren bitartez, baita praktiken balorazio sistematikoa egiteko erremintak eta zentroetan eskaintzen den arretaren kalitateari buruzko balorazioak ere.
Matia Fundazioaren zenbait zentrotako (Fraisoro, Bermingham, Otezuri, Txara eta Rezola) profesional talde handi batek parte hartu du proiektuan, eta honako kide hauek izan dituen epaimahaiak aukeratu du: Mª José Giménez, Egoitzetako Sendagileen Espainiako Sozietateko lehendakaria; José Antonio López Trigo, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Sozietatekoa (SEGG); eta Fernando Martínez Cuervo, Geriatria eta Gerontologia Erizaintzako Espainiako Sozietatekoa (SEEGG). Lourdes Bermejo izan da epaimahai burua, SEEG sozietateko Gerontologia Hezkuntzako Lantaldearen koordinatzailea.
Sari horri esker, Matia Fundazioko profesionalek bidaia gidatu bat egingo dute Suediara, adineko pertsonen arretan aitzindaria den herrialdera, zentro eta terapia berritzaileenak lehen eskutik ezagutzeko helburuarekin.