Bero bolada eta adinekoak: 14 gomendio tenperatura handiei lotutako arriskuak saihesteko
Beroak, batez ere hezetasunarekin batera jotzen duenean, areagotu egiten du hiltzeko arriskua. Izan ere, transpirazio sistemek organismoa ohi baino biziago jardutera behartzen dutenean, azkenean ahuldu egiten dute. Arazo hori gertatzen denean, bi egoera mota ager daitezke:
- Beroak eragindako akidura: izerdiaren areagotze handia, muskuluetako arranpak, ahultasuna, zorabioak, goragaleak eta pultsu bizkorra eta ahula (buruko minarekin batera) agertzen dira.
- Intsolazioa: tenperatura igotzen da, larruazal gorritua edo lehorra izaten dugu, transpirazioa falta da, eta nahastea edo kontzientzia galera gertatzen da.
Adinekoak bereziki zaurgarriak dira tenperatura handien aurrean
Heriotza edo gaixotasun arriskurik handiena duten pertsonak honako hauek dira: adinekoak, haurrak, gazteak, alzheimerra edo bestelako gaixotasun mentalak dituzten gaixoak, paziente immobilizatuak, arnasbideetako edo bihotzeko gaixotasunak dituztenak, sukarra duten pertsonak edo gehiegizko pisua dutenak.
Hona hemen datu esanguratsu bat: udan, larrialdi zerbitzuetara joaten diren adinekoen kopurua % 20-25 handitzen da. Baina, zer dela eta gertatzen da handitze hori? Zergatik dira adinekoak hain sentikorrak tenperatura handien aurrean? Bada, hona hemen azalpena: beroak likido-galera eragiten du lehenbizi, eta, urteak joan ahala, organismoak okerrago erregulatzen ditu horrelako egoerak. Okerrago erantzuten diogu beroari, gorputzeko ur kopurua murriztu egiten da eta egarriaren sentsazioa txikiagoa da.
Hori dela eta, adinekoak osasun sistemaren erabiltzaile nagusiak direla ikusita, zerbitzuak haien beharretara egokitu behar genituzke.
Ustekaberik ez hartzeko aholkuak
- Ez utzi inor itxita dagoen auto batean inoiz, ezta denbora tarte labur baterako bada ere, eta are gutxiago adinekoak, haurrak eta animaliak. Erne ibili etxean lotuta dituzun animaliekin, ez badute gertu leku freskorik, itzalik edo aireztapenik.
- Edan 2 edo 3 litro egunero (ura eta zukuak batez ere). Edaririk onenak ahotiko seruma, etxeko seruma eta kirol-edariak dira. Ez edan edari alkoholdunik, kafeinadunik edo azukre gehiegi duenik. Edariak ez dira hotzegi hartu behar, urdaileko mina eman baitezakete. Egarririk gabe ere edan behar da; horra hor immobilizatuta edo gaixotasun neurodegeneratiboek jota dauden pertsonak dituzten zentro gerontologiko guztietara zabaldu beharreko aholkua. Egarriaren sentsazioa arindu egiten zaie adinekoei, batez ere burmuineko arazo baskularrak izan badituzte (tronbosiak, infartuak...). Edan egarririk gabe.
- Intentsitate handiko jardueren kasuan, egunaren hasieran edo amaieran egin behar dira. Jarduera horien artean, erosketak sartzen dira.
- Edozein jardueratan, maiz hartu behar da atseden.
- Arropa argiak, arinak eta zabalak jantzi behar dira. Ahal bada, zuntzak utzi eta kotoia erabili behar da nagusiki (zenbat eta itxiagoa hobe). Garrantzitsua da burua estaltzea.
- Fotobabesa: oro har, aurpegian 50etik gorako babesa behar da, eta gorputzean, berriz, 20-40koa. Eguzkitako betaurreko homologatuak erabili behar dira arriskurik handieneko aldietan, 12:00etatik 17:00etara bitarte.
- Elikadura arina eta maizkoa: entsalada, fruta eta jogurtak. Bost otordu txiki egin behar dira egunean, fruta eta barazkiak sartuta eta frijituak eta hestebeteak saihestuta. Izan ere, gatz kantitate handia dute eta, egarria eragiteaz gain, izerdia eta likido-galera areago dezakete.
- Bainu edo dutxa freskagarria astiro eta bat-bateko tenperatura-aldaketarik gabe egin behar da, digestioaldian batez ere: zuhurtziazko denbora bi ordu ingurukoa da.
- Haurrak eta adinekoak nola dauden egiaztatu behar da maiz, batez ere bakarrik daudenean edo mendekoak direnean.
- Medikuari kontsultatu behar zaio arriskurik dagoen adinekoak hartzen dituen sendagaiekin (diuretikoekin, hipotentsoreekin, antihipertentsiboekin oro har eta psikosirako erabiltzen diren sendagaiekin edo lasaigarriekin) eta beroarekin. Adierazitako botika horien guztien ondorioz, gure organismoak nagi samar joka dezake hipertermiari erantzun behar dionean.
- Akidura-sintomak agertzen badira: leku fresko batera joan behar da, itzaletan jarri, atseden hartu eta likidoak edan.
- Leihoak itxi eta etxebizitza ilundu egin behar da egunez, eta leihoak ireki eta etxea aireztatu arratsean eta gauean.
- Haizagailuak freskatzen lagun dizaguke, mugiarazten duen aireari esker.
- Egun beroak egiten dituenean, etxeko aire egokituaren kulturan murgiltzea izan daiteke aukerarik onena. Edonola ere, adi egon behar dugu, eta leku komunitarioak erabiltzean aire girotua dutenak (zineak, jatetxeak, merkataritzaguneak, aurrezki-kutxak, bankuak eta abar) aukeratu.