Erizaintzako laguntzaile baten gutuna
Gaur, #OsasunarenMunduEguna denez, gure lankide Yosune Alvarezen testu polit hau partekatu nahi dugu. Yosune erizaintzako laguntzaile da Bermingham egoitzan. Sendatzea eta zaintzea batera doazela uste duten eremu soziosanitarioko profesional guztien omenez idatzi du, batez ere lankideak gogoan. Zuen gustukoa izatea espero dugu.
«Biziki atsegin dut nire lana. Gustuko dut goizean esnatu eta jakitea eguneroko gauzetan laguntzen ditudan adinekoak ikusiko ditudala. Pozgarria zait haiek zaintzeko aukera izatea. Pribilegioa da jakitea nirekin eta nire lankide bikainekin apur bat zoriontsuago, babestuago, egongo direla.
Guk, osasun langileok, ez dugu miraririk egiten, baina, ahal dugun neurrian, hobeto senti daitezen lor dezakegu. Berrogeialdia elkarren ondoan igarota, maitasuna eskaintzen saiatuko gara, bakoitzaren onena ateratzen. Zimur ederrez jositako aurpegiak dituzten pertsona hauei zoriontasun apur bat ematea ez da pribilegio edo luxua bakarrik, behar morala ere bada. Zain ditzagun, haiek gu zaindu gaituzten moduan.
Erizaintzako laguntzaile izatea erabaki nuenean, zalantzak izan nituen nire bokazioaren inguruan. Ez nengoen ziur lan horretarako balioko ote nuen. Baina, osasun langile gisa lanean hasi nintzenean, beldur guztiak desagertu egin ziren. Gaur egun esan dezaket munduko lanbiderik ederrena dela, ditxosozko Covid 19ak ekarritako egoera gogorra izan arren, nahiz eta laguntzen ditugun pertsonak triste edo senitartekoen bisitarik gabe ikustean sufritu ere egiten dugun.
Bizitza osoa daramat lanean, hau da nire lanbidea. Arima eta bihotza benetan betetzen dizkidana. Eta horrez guztiaz gain, egunez egun dena ematen duten lankideak ditut, beren onena ematen dutenak, hauskorrak eta ahulak diruditen pertsona horiek zoriontsu egiteko. Hauskortasun horren atzean ikusten jakin behar diren sendotasunak ere badituzten pertsonak.
Gora zuek, nire lankide bikainak. Dena merezi duzue, bai horixe».
Gehitu iruzkin berria