HasieraBerriakAutonomia eta protagonismoa, modu aktiboan zahartzeko gakoak

Autonomia eta protagonismoa, modu aktiboan zahartzeko gakoak

01.01.2015

Euskal Autonomia Erkidegoan 65 urtetik gorako pertsonen bizi baldintzak hobetzeko plana diseinatu dute. Etxebizitza, aisia, espazio publikoak, osasuna, ekonomia eta familia dira, besteak beste, langaiak.

Duela mende erdi milaka lagunek beldurrik gabe baina errezeloz begiratzen zuten etorkizun hura oraina da haietako askorentzat. 65 urteen langa gainditu duten 440.000 herritarrentzat, hain zuzen. Gero eta zabalagoa eta heterogeneoagoa den kolektibo horrentzat —2029an 65 urtetik gorako 600.000 lagun inguru egongo dira EAEn, hamar biztanletik hiru—, egoerari aurrea hartu eta maila guztiak kontuan hartuta ekintza eta arreta programa bat diseinatzea da lehentasuna, zahartzea aktiboa, osasungarria, parte hartzekoa eta hurbileko ingurunean txertatua izan dadin.

Etxebizitza, espazio publikoak, osasuna, familia, ekonomia, jarduera fisikoa, aisia…, pertsona horien bizi kalitatearen osagaietako batzuk dira. Bizi itxaropena luzatu denez, lagun horiek bizi proiektu berri bati heltzeko aukera dute aurrean.

Horiek dira datozen bost urteetan Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren bidez landu eta garatuko diren ildo nagusiak. Milaka lagun horiei bizi baldintza hobeak eskaintzeko administrazio publikoak aurrera eraman beharreko jarduerak proposatu eta zehazten dituen dokumentua da hori. «65 urtetik gorako pertsonei bideratutako politikak premiazkoak baino gehiago nahitaezkoak dira gaur egun», laburbildu zuen atzo Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, ekimenaren aurkezpenean. Dokumentuaren lanketan gerontologiako adituek eta adinduen elkarteetako ordezkariek hartu dute parte, besteak beste.

Kolektibo horren arretarekin lotutako gaietan erreferentzia den Matia Institutuaren izenean, Mayte Sancho zuzendari zientifikoak «orain baino askoz ere sakonago lan egiteko» deia egin zien erakundeei eta gizarteari orokorrean, zahartzearen inguruan dugun «jarrera aldatzea» komeni delakoan. «Bazterketaren, edadismoaren eta estereotipoen aurka borrokatu behar dugu, argi eta garbi», adierazi zuen. Hau da, kaleetan eta plazetan jada agerikoa den egitura demografiko berri horretara egokitu beharra dugu.

Eta eremu guztietan egin behar dugu hori, zahartzeko prozesuaren lehen etapetan aurrea hartzeko ekintzak sustatuz. Horretarako, bizitzako fase berri hori baldintzatuko duten alderdien —etxebizitza, osasuna, familiako eta gizarteko sareak, gizarte laguntza….— inguruko aholkua baliatu behar dugu. Ildo horretan, Toña sailburuaren esanetan, buelta eman behar diogu “zahartzen ari diren lagunek euskal gizartean duten egitekoari buruzko diskurtsoari, eta gizarteko estamentu guztiei dei egin beren egiturak egokitu eta birplanteatzeko prozesuari behin betiko ekin diezaioten, zahartutako gizartearen ikuspegia kontuan hartuta”.

Beharrak eta aukerak 

Zahartzen ari diren pertsonen autonomia eta independentzia sustatzea da asmoa, eta horretarako, maila guztietan prebentzio politikak ezarri behar dira, haien bizi proiektuari buruzko erabakiak hartzea errazte aldera. Modu horretan, neurriak sustatuko dira laneko bizitzatik erretirorako iragatea positiboa izan dadin; etxebizitza eta ingurunea bizitza osorako prestatzeko; zahartze osasungarria sustatzeko; eta etengabeko ikaskuntza bizitzako fase horretan txertatzeko.

Era berean, ongizatezko gizarte berria eratzea xede duen bide orrian beste alderdi batzuei ere helduko zaie, «Euskadin adiskidetasunaren paradigma orokortzea» sustatuko duten ekintzak bultzatzeko, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu zuenez, «zahartzen ari diren pertsonek prozesu horretan protagonista eta partaide izatea bermatuko da».

Horrenbestez, zahartzen ari diren pertsonen artean boluntariotza eta komunitate lankidetzako mugimenduetan parte hartzea bultzatu nahi da. Gainera, familiaren ingurunean adineko pertsonei eskainitako zaintzen eta laguntzen transferentziari balioa eman nahi zaio eta bizi estilo hori EAEko herrietara zabaldu. Izan ere, Toñak ziurtatu zuenez, biztanleriaren zahartzeak premia berriak sortuko ditu, baina baita aukera berriak ere. «Proposatzen dugun Estrategiaren ildoa horixe da, euskal erakundeei laguntzea erronka demografiko honi erantzukizunez aurre egiten, erronka bera aukera ere badela kontuan hartuta, betiere herritar guztien parte hartzearekin eta lankidetzarekin eredu berria eraikitzeko konpromisoa hartuta».

Iturria:  http://www.deia.com/2015/09/19/sociedad/euskadi/autonomia-y-protagonismo-claves-para-envejecer-de-forma-activa