HasieraBerriakMatia, 2025eko SUPERCUIDADORES Sarietan aitortua, “Etxean bezala” proiektuagatik

Matia, 2025eko SUPERCUIDADORES Sarietan aitortua, “Etxean bezala” proiektuagatik

03.11.2025

Donostia, 2025eko azaroak 4

Matiak bigarren accesita jaso du Estatu mailan Hirugarren Sektoreari zuzendutako kategorian, SUPERCUIDADORES 2025 sarien barruan, “Etxean bezala” proiektuari esker. Ekimen horrek egoitza zentroak etxe batetik hurbilago dauden bizi ereduetarako trantsizioa bultzatzen du, horietan bizi diren pertsonen lehentasunak, eskubideak eta ongizatea errespetatuz.

Ekitaldia Madrilen egin zen, zainketen sektoreko ordezkariak, erakunde publikoak, gizarte eragileak eta saritutako erakundeak bilduta. SUPERCUIDADORES (UNIR) elkarteak sustatutako sari horiek erreferentziazko gune gisa finkatu dira azken hamarkadan, Espainian zaintzeko modua eraldatzen ari diren proiektuak eta ekimenak ikusarazteko.

Pertsonak erdigunean jartzen dituen proiektua

“Etxean bezala” Matia Fundazioak eta Matia Institutuak bultzatutako proposamena da, eta ikerketa aplikatua, zentroei laguntzea eta tresna praktikoak sortzea uztartzen ditu, autonomia, partaidetza eta lotura komunitario handiagoko zaintza eredu baterantz aurrera egiteko. Proiektua 2021 eta 2024 artean garatu da, Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioaren finantzaketarekin, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze Planaren bidez.

Garapenean zehar, milaka pertsona inplikatu ditu – egoitza-zentroetan bizi dire pertsonak, familiak, profesionalak, boluntarioak, administrazioak eta eragile komunitarioak –, eta gaur egun beste lurralde batzuetan aplikatzeko eskuragarri dauden ezagutza, materialak eta metodologiak sortu ditu.

Talde-lanaren aintzatespena

Saria talde osoaren izenean jaso zuten Penelope Castejonek eta Paula Garciak, eta zentroetan bizi diren pertsonen, talde profesionalen eta komunitatearen arteko prozesu partekatu gisa proiektuak duen balioa azpimarratu zuten. Aitorpenak indartu egiten du Matiak bizitza eredu gizatiarragoak, inklusiboagoak eta eskubideetan oinarrituagoak lortzeko egindako apustua.