HasieraBerriakErrenteriako udalak adinekoentzako bizi osorako etxebizitzen aurreproiektua aurkeztu du

Errenteriako udalak adinekoentzako bizi osorako etxebizitzen aurreproiektua aurkeztu du

15.03.2023
  • Matia Fundazioa, zerbitzu soziosanitarioen esparruan erreferentziazko eragilea Gipuzkoan, Errenteriako Udalaren bidelagun izan da aurreproiektua garatzeko

Gracia y Otaegi presentaron ayer el proyecto enfrente del edificio Merkatuzar.

Errenteriako Udalak  Matia Fundazioarekin elkarlanean herrian bizi osorako adinekoentzako etxebizitzak eskainiko dituen egokitza bat eraikitzeko proposamena landu du.

Bisitak eta adituen aholkularitza

Errenteriako Udalak, proiektu honetan lanean jardun den urte luzean, bisitak egin ditu Usurbilgo  eta Donostiako antzerako baliabideetara, udalerrira hobekien egokitzen zen eredua zein zen aztertzeko.

Beste esperientzia batzuk ezagutu eta horietatik ikastearekin batera, Errenteriako Udalak Matia Fundazioaren laguntza jaso du gaur aurkeztu den aurreproiektua egiteko, Udalari aholkularitza emanez adinekoek horrelako etxebizitzetan jaso behar duten zaintza ereduaren inguruan. Izan ere, Matia Fundazioa zerbitzu soziosanitarioen esparruan erreferentziazko eragilea Gipuzkoan eta esperientzia luzea dute tankerako proposamenak lantzen.

Erabiltzailearen beharrak ardatz dituen aldaketa

Adinekoei zuzendutako etxebizitzen proiektuak aldaketa bizi izan du proposatu zenetik, gaur proposatzen dugun proiektuak aurkezten dituen ezaugarri eta kokapenari dagokionez. Hasiera batean, tutoretzapeko etxebizitzak izatea zegoen aurrikusita eta aurreikusten zen kokapena, berriz, Madalen kaleko liburutegi zaharra zen (gaur Joxepa Anttoni Aranberri, anitzenea)

Bisiten eta jasotako aholkularitzan ondorioz, proiektua adinekoen beharretara askoz hobeto egokitzen den proposamen bat izatera igaro da. Besteak beste, tutoretzapeko etxebizitzetan, adinekoek etxebizitza utzi behar izaten dute euren bizitzan zehar mendekotasunen bat garatuz gero horrek berarekin dakarren kaltearekin.

Udalak eta Matia Fundazioak landu duten proiektuak berriz, bizitza osorako etxebizitzak proposatzen ditu. Modu honetara, erabiltzaileak etxebizitza horietara sartzean edo sartu ondoren, zaintza beharrak edukita ere,  bertan jarraitu ahal izango dute. Alegia, gizarte-zerbitzuak eta zaintzaren ekosistema lokala izango dira dira pertsona horien behar aldakorretara egokituko direnak.

Horretarako, ekipamendu horren diseinuak hasiera-hasieratik kontuan hartu behar ditu zaintza espezifikoen eredua eta etorkizuneko beharrak. Tutoretzapeko etxebizitzekiko beste alde nabarmen bat, beraz, etxebizitzen beharrezko azalerarena da; tutoretzapeko etxebizitzek 25-30 m² dituzte, eta hauek handiagoak dira.

Proiektua Oarso eraikinak egun okupatzen duen eremura (Merkatuzar parera) lekualdatzeak, etxebizitzen azalera handituz ere, bertan biziko den pertsona kopurua handiagoa izatea ahalbidetzen digu, osotara eremuak eskaintzen duen azalera askoz handiagoa baita.

Kokapen hori, gainera, hegoaldera begira dago eta, beraz, etxebizitzak eguzkitsuagoak dira. Erdigunetik zein topo estaziotik gertu egoteak lekua oso irisgarri bilakatzen du eta bisitak jasotzeko ere erraztasunak ematen ditu.

Kokapen berri horretan proiektatutako eraikinak 800m2 ditu solairu bakoitzeko erabilera horretarako, eta bere arkitektura-estiloari esker, ezin hobeto integratzen da inguruan.

Horrela, Udalaren ustez arretaren kalitatea hobetzen da, erabiltzailearen interesak lehenesten dira, bertan biziko diren pertsonen beharrak erdigunean jarriz, eta plaza-kopurua handitu egin da, Madalen kaleko eraikinerako aurreikusten ziren 12 apartamentuetatik egun aurreikusten diren 22 apartamentuetara.

Matiaren aholkularitza teknikoa: zaintza-eredua, diseinua eta arretaren izaera integrala

Maider Azurmendik (Matiako Etxe eta Komunitate Arreta zuzendaria) adierazi duen bezala, Errenteriako bizitza osorako etxebizitzek hiru ezaugarri dituzte, laguntza behar duten pertsonek bertan jarraitu ahal izatea ahalbidetzen dutenak:

  • Diseinua: laguntza behar duten pertsonei eta laguntza horiek ematen dituztenei zuzendua.
  • Zainketa-eredua: tokiko ekosistematik datorrena, kasu honetan Errenteriatik, honako hauek bermatuz:
    • Eskubide guztiak betetzea: alde sozialetik, zein osasun arlotik.
    • Udalerriak eskaintzen dituen hurbileko zerbitzuak zein eskaintza guztiak lotuz
    • Komunitatearen inplikazioa eta elkarteekin eta sare komunitarioarekin duen harremana

Gizarte-langilea oinarri, arreta integralerako erreferente gisa: bere lana etxebizitza horietan biziko diren pertsonen bizi-proiektuei erantzutea da, haien lehentasunetatik abiatuta eta haien beharrei erantzunez. Zainketa-eredutik eskura dagoen guztia integratuz.

 

Europako finantzaketa

Proiektua 58.000 € kosta da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Europar Batasunak ezarritako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozen Next Generation funtsen bidez.

 

Gizarte-zerbitzuen aldeko apustua

Ekimen hau garatuz, Gobernu Taldeak Agintaldi Planean jasotako konpromisoak garatuz jarraitzen du, pertsonen duintasuna bermatzera doazen proiektuei erabateko lehentasuna emanez. Gainera, proiektu honen garapenarekin Errenteriako Udalak legeak Gizarte Zerbitzuen esparrurako ezartzen dituen zerbitzu guztiak bermatu ahal izago ditu eta hori mugarri bat da gizarte-zerbitzuen ikuspegitik. Mugarria, Errenteria gizarte-zerbitzuen  esparruan egiten ari den apustuaren ondorio dena, eta berriki eraman duena Gizarte Zerbitzuen zuzendarien Elkartea Errenteriako Udala aitortzera gizarte-zerbitzuen esparruan egindako inbertsioen bikaintasunarengatik.