HasieraBerriakJarri nire tokian. Gehiegikeria eta tratu txarren aurkako kontzientzia hartzeko mundu mailako egunean Matia Fundazioaren mezua

Jarri nire tokian. Gehiegikeria eta tratu txarren aurkako kontzientzia hartzeko mundu mailako egunean Matia Fundazioaren mezua

14.06.2019

• Ekainaren 15ean, larunbata, hauskortasun eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen aurka egiten diren jarrera eta egoera onartezinak desagerrarazteko herritarren hausnarketa eta konpromisoa sustatzen duen eguna ospatzen da.
• Erronken artean, pertsonan zentraturiko erlazioaren aldeko aldaketa kultural bat eta tratu onaren kultura sustatzea daude.
• Mezu honekin batera, tratu onak ez diren eta adineko pertsonek batzuetan bizitzen dituzten egoerak ikus daitezkeen bideo bat aurkezten du Matia Fundazioak.

Urte honetan zehar gertatutakoak agerian uzten du arreta eta tratu arazo larriak daudela mendekotasun egoeran dauden adinekoen zenbait egoitzatan. Ildo horretan, hilaren 15eko ospakizuna bereziki garrantzitsua da, arazo horiek azaleratzeko eta haiekiko kontzientzia sortzeko, gero eta ohikoagoak baitira gure gizartean, nahiz eta, askotan, ezkutuan egoten diren.

Errealitate horrek ezinegon handia sortzen du, eta, gure inguruan, kezka areagotu egiten da ahulezia egoerarik larrienean dauden adinekoen arreta sistemen funtzionamenduari buruz. Gainera, etsipen eta ezintasun sentimendua sorrarazten die adinekoei, haien senideei, adituei eta profesionalei, oinarrizko giza eskubideak babesteko aurrerapauso gutxi egiten dela ikusten baitute.

Babesgabetasun eta abandonatze egoerak ikusgai jartzeko bideo bat.

Hona hemen, adibide gisa, “Parking (aparkalekua)” izeneko bideo hau. Egoitzetan maiz gertatzen den egoera bat islatzen du bideoak, eta erakusten du laguntza baliabide horietan bizi diren pertsona asko babesgabe eta abandonaturik egon daitezkela. Bakardade sozialaren irudi gordina da, beste pertsona batzuekin bizi arren isolatuta sentitzen den pertsona erakusten duena.

Imajina dezagun Ana, 85 urtekoa, narriadura kognitibo larria duena. Zortzi ordu ematen ditu aulki batean eserita, inorekin hitz egin gabe, telebista baten aurrean edo horma bati begira. Anaren ondotik, pertsonak igarotzen dira, hari kasu handiegirik egin gabe. “Lagun” egiten dioten bitartean, sakelako telefonoei begira daude. Hari buruz mintzatzen dira, haren aurrean, baina hura gabe. Azken finean, hau uste da orokorrean: “ez da konturatzen”, gorputz bat baino ez da… Altzariak balira bezala ikusten baditugu pertsonak, altzariak bezala tratatuko ditugu, noski.

Egoera horiek etxeetan ere gertatzen dira, bestelako ñabardurekin eta testuinguruekin: nekatuegi eta presionatuta dauden zaintzaileak (senideak edo profesionalak), askotan bakarrik eta bazterrean utzita sentitzen direnak, egin behar dituzten zainketei buruzko nahikoa ezagutzarik ez dutenak; askotariko gabeziak dituzten giroak; zainketa zailtzen edo eragozten duten arkitektura oztopoak; eta tratu egokia ematea galarazten duten hainbat eta hainbat egoera. Ziur asko, adineko horiek zaintzen dituzten pertsonek tratu hobea eman nahi diete, eta errudun eta utzi ezin den kiribil maltzur bateko gatibu sentitzen dira.

Lehenik eta behin, botere publikoek ziurtatu ahal eta behar dituzte zainketarako baldintza egokiak, prozesuko pertsona guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko. Besteak beste, lana eta bizitza familiarra bateratzen laguntzen duten lan baldintza duinak eta produkzio eredu egokia bermatu behar dituzte.

Behar-beharrezkoa da behingoz zahartzaroan, batik bat oso adinekoak diren eta eguneroko bizitzan laguntza behar duten pertsonen kasuan, hain desiratua den kultura aldaketa gertatzea, pertsona horien duintasuna, bizitza proiektua, nahiak eta lehentasunak eta segurtasuna dagokien lekuan jartzeko. Prozesu horretan aurrera egiteko, tratu onaren ikuspegitik lan egitearen garrantzia aldarrikatzen dugu, gure jokabidea hobetu behar dugu sufritzen duten pertsonengana profesional eta pertsona gisa hurbiltzen garenean.

Tratu onaren kultura horrek etengabeko pertsonalizazioko banakako ekintzak iradoki eta bideratu ditzake, eskuarki egoitza zentroetan sortzen diren harreman kolektiboen arloan. Zalantzarik gabe, prozesu konplexua eta geldoa da, hausnarketa etiko pertsonala eta kolektiboa ekarriko du berekin, eta, horretan, laguntza beharko dugu komunikatzeko eta erabakitzeko ahalmen txikia duten pertsonengana hurbiltzeko beste modu bat lortzeko, pertsona horien berezitasuna, istorio pertsonala eta duintasuna errespetatuta.

Azken finean, arreta pertsonengan (adinekoak, senideak eta profesionalak) jartzen duen harreman eredu bat lortzeko kultura aldaketa horretan, konpromiso sendoa eta irmoa beharko da, pertsonala, soziala, herritarra eta publikoa, gizarte gisa lotsatu behar gaituen gaitz handi hori desagerrarazteko. Izan ere, ezin dugu pertsonen oinarrizko eskubideen urraketa onartu, ezta egun bat gehiago ere, pertsonen adina edozein dela ere.

Ildo horretan, 2018an, “Lo mejor para ella” bideoa eman genuen ezagutzera. Hartan, adierazi genuen adinekoek erabakitzeko ahalmenari eutsi behar diotela eta ez ditugula erabakiak haien ordez hartu behar. Onak ez diren tratuen beste adibide bat da hori, eta gure gizartean behin eta berriz gertatzen da. 

Zahartzaroan abusu eta tratu txarren aurkako kontzientzia hartzearen mundo mailako egunari buruz

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2011ko abenduaren 19an onartutako ebazpenak ezarri zuen ekainaren 15a adineko pertsonenganako abusuaren eta tratu txarren kontra kontzientzia hartzeko nazioarteko eguna izango zela. Horrelako beste ekitaldi batzuetan bezala, herritarrek hausnartzea eta konpromisoa hartzea sustatu nahi da, jokabide eta egoera onartezinak desagerrarazteko. Kasu honetan, ahulezia eta mendekotasun egoeran dauden eta, askotan, oso erabakitze ahalmen txikia duten pertsonen kontrakoak dira jokabide eta egoera horiek..

Nazio Batuek adierazitakoaren arabera, Madrilgo Nazioarteko Ekintza Plana (MIPAA) hartu eta bi hamarkada geroago, asko dago egiteko oraindik ere, justizia eta lege baliabideak delituen biktima diren adinekoen esku jartzeko, baita haientzako prebentzio eta babes zerbitzuak eskaintzeko ere.