HasieraBerriakZumarragak adinekoen testigantza jaso du

Zumarragak adinekoen testigantza jaso du

01.01.2017

Zumarragako gazte talde batek herriko adinekoak elkarrizketatuko ditu eta elkarrizketak bideoan grabatuko ditu, pertsona horien ondarea babesteko. Lehen elkarrizketa Araceli Garciari egin diote, Zelai Arizti ikastetxeko irakaslea izandakoari.

Ekimen hau Euskadi lagunkoia proiektuaren barruan dago. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako plana da, eta Euskadiko hainbat udalen atxikimendua jaso du. Matia Fundazioak laguntza teknikoa eman dio ekimenari.

Proiektu honen helburua gure adinekoentzako herri eta hiri lagunkoiak lortzea da, beren udalerrian ahalik eta denbora gehien bizi daitezen eta modu autonomoan egin dezaten. Euskadi lagunkoia arkitekturaz arduratzen da, baina baita alderdi sozialaz ere: auzokideen arteko lankidetza, belaunaldien arteko harremana...

Ekimenarekin bat egiten duten herrietan, lehenik eta behin, diagnostiko bat egiten da. Horretarako, inkestak egiten dira eta bilerak deitzen dira. Ondoren, diagnostikoaren emaitzetan oinarrituta, herri lagunkoiago bat lortzeko beharrezkoak diren jarduerak zehazten dira. Ekintza-plana auzotarrek eta Udalak diseinatzen dute.

 

 

Zumarragaren kasuan, plana iaz diseinatu zen. Jasotzen duen jarduketetako bat ondare immaterialaren bilketa eta transmisioa da. Horretarako, herriko adinekoen testigantzak eta bizipenak bideoan grabatuko dira.

Ekimen honen helburuetako bat belaunaldien arteko harremana sustatzea da, beraz, gazteak arduratuko dira elkarrizketak egiteaz. Ainara Tomasena Matiakoak esan du gazteen eta adinekoen aldetik dauden aurreiritziekin amaitu nahi dutela.

Lehen bideoko protagonista Araceli Garcia da eta elkarrizketa kale hezitzaileekin lan egiten duten gazteek egin dute. Garcíak Magisteritza ikasi zuen bere gurasoen sakrifizioari eta zenbait bizilagunen laguntzari esker, eta ondoren Burgosko herri batean aritu zen, Ataungo Aia auzoan eta Zumarragako Zelai Arizti ikastetxean. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta hezkuntzaren alde lan egin zuen beti. 2009an Xera saria jaso zuen, berdintasunaren aldeko lanean nabarmendu zen auzotar edo kolektibo bati ematen zitzaion saria.

Tomasenak adierazi du Garciak pozik parte hartu duela. "Oso pozik dago, egindako lanaren aitortza delako eta bere bizitza ezagutarazteko aukera ematen diolako".

Oraindik ez dute zehaztu zein erabilgarritasun emango dieten bideoei. "Kultur etxean eta ikastetxeetan proiektatzea gustatuko litzaiguke", adierazi du Tomasenak.

Lehen bideo hau proba pilotu bat da, gazteek esperientzia har dezaten. Hurrengo grabazioei begira, parte-hartze prozesu bat martxan jarri nahi dute. "Herriko adinekoekin bildu nahi dugu eta elkarrizketatuak beraiek aukeratu behar dituzte. Zumarraga industria jarduera handia izan duen herria da, eta oso ondo legoke, adibidez, zumezko fabriketan edo Orbegozon lan egin zuten bizilagunak elkarrizketatzea ", esan du Matiako teknikariak.