HasieraBerriakCovid-19 testuinguruan lagunkoitasuneko jardunbide egokiak Europan IV. Jardunaldia, Euskadi Lagunkoiak antolatuta

Covid-19 testuinguruan lagunkoitasuneko jardunbide egokiak Europan IV. Jardunaldia, Euskadi Lagunkoiak antolatuta

04.12.2020

Vitoria-Gasteizko Udalaren ‘Zurekin gaude’ kanpainak, 2020an, Euskadi Lagunkoiaren lagunkoitasuneko jardunbide egokien saria jaso du

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak lagunkoitasuneko Europako jardunbide egokien jardunaldia inauguratu du, Covid19-aren testuinguruan; jardunaldia Euskadi Lagunkoiak antolatu du, Bilboko Euskalduna Jauregian. Irekiera-ekitaldian, Artolazabalekin batera Juan Ibarretxe Bilboko Udaleko zinegotzia egon da.

Jardunaldi horren laugarren edizioa da, eta helburua da Euskadin lagunkoitasuna garatzea eragingo duten esperientzia berritzaile eta sortzaileak partekatzea. “Udalerri, herri edo hiri bakoitzak erronka eta beharrei erantzuten die, bertako herritarren zahartze-prozesura egokitzeko, eta beste leku batzuetan jardunbide egokiak nola garatu diren jakitea oso interesgarria iruditzen zaigu”, esan du Artolazabalek.

Aurten, jardunaldia pandemiak eragindako egoeraren ingurukoa izan da; izan ere, erakundeak irtenbide bila ari dira nagusiek covid-19-aren erantzunaren onurak ateratzeko eta hari laguntzeko. Hori dela eta, hitzaldi batzuk telematikoki egin dira, eta ekitaldia bera online eman da, osorik.

Jardunaldian, Euskadi Lagunkoia Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien saria eman da; saria Euskadi Lagunkoia Sareak sortu du, eta Euskadin zahartzen doazen pertsonentzako bizi-ingurune bideratzaileak sortzeko lagunkoitasunaren aldetik berrikuntza eta eraginkortasuna bereizgarri dituzten erakundeek garatzen dituzten jardunbideen balioa nabarmentzen du. Aurten, Vitoria-Gasteizko Udalaren ‘Zurekin gaude’ kanpainak jaso du saria, eta accesita, Nagusilan-en ‘Zilarrezko Haria’ jardunbideak.

Eguneko lehen hitzaldiko protagonista Manchester Institute for Collaborative Research on Ageing-eko Christopher Phillipson irakaslea izan da: ‘Erkidegoak eta covid-19-a: adinarekin lagunkoia izateko leheneratze-planaren garapena’. Phillipson Soziologiako eta Gizarte Gerontologiako aditua da Manchesterreko Unibertsitatean.

Hitzaldi horren ondoren, Europa mailako jardunbide egokien mahaia antolatu da eta maila autonomikoko beste bat. Lehenengoan, Thomas Scharf Newcastle-ko Unibertsitatekoak eta Britainiako Gerontologiako Sozietateko (British Society of Gerontology) lehendakariak eta Paul Mc Garry Manchester Ageing Hub-ekoak parte hartu dute. Bigarrenean, Ricardo Antón ColaBoraBorakoak eta Aitor Abecia Zanbranako alkateak.

Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoia lagunkoitasunaren euskal sarea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, eta harekin, egun arte, Euskadiko 64 udalek baino gehiagok egin dute bat. Helburua da herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzea, zahartzen diren pertsonentzat erraztaileak diren bizi-inguruneak sustatzean lagunkoitasun-mugimendua garatzeko. Ekimen hau Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen ‘Age-friendly Environments Programme’ programan oinarritzen da.