HasieraBlogaNola nahi duzu zain zaitzaten? Jarri nire tokian.

Nola nahi duzu zain zaitzaten? Jarri nire tokian.

Nazio Batuen Erakundeak hauxe dio: «adinekoen aurkako tratu txarra mundu mailako arazo soziala da, mundu osoko milioika gizakiren osasunari eta giza eskubideei eragiten diena; nazioarteko komunitatearen arreta eskatzen duen arazoa da».

Batzar Nagusiak 2011ko abenduaren 19an onartutako Ebazpenak ekainaren 15a izendatu zuen zahartzaroko gehiegikerien eta tratu txarren aurkako kontzientzia pizteko Munduko Egun. Pertsonen, eta batez ere ahultasun, hauskortasun eta mendekotasun egoeran daudenen eskubiderik oinarrizkoenak urratzen dituzten portaera onartezinei buruz hausnartzeko eguna da.

Nazioarteko erakundeek adinekoen tratu txarra osasun publikoko arazo larritzat jotzen badute ere (eta arrazoi osoz jo ere), halako portaeren atzean dagoen arazo etikoa ere nabarmendu behar da, ahultasun, mendekotasun, narriadura kognitibo eta halako egoeretan dauden pertsonen aurka —hau da, eraikitzen eta maila batean gozatzen dugun gizarte honetan egoera bereziki ahulean dagoen giza talde baten aurka— zuzentzen diren heinean.

Izan ere, adinekoei, oso adinekoei, buruz ari garenean, eta askotan erabakitzeko gaitasuna ere oso murriztua izaten dutela aintzat hartuta, eguneroko bizitzarekiko tolerantziaren muga altuegia duten herritar talde bati buruz ari gara. Duela urte asko salatu genuen biztanle multzo horrengan normaltasunez onartzen diren egoera batzuk onartezinak izango liratekeela beste herritar batzuengan: beraien oniritzirik gabe egoitzetan sarraraztea, eguneroko bizitza kuartel militar batean bezala antolatzea, beraien bizitza sozialean haurrak balira bezala jokatzea, zahartzaroaren gastua eta karga soziala etengabe azaleratzea, uste horrek oinarri akademikoren bat izango balu bezala…

Berrikitan gai hori gizartean azaleratzen hasi bada ere, adinekoen aurkako tratu txarra gai tabua da oraindik ere, sarri askotan gai pribatua, ezkutuan gorde beharrekoa, kontuan izanik, gainera, askotan biktima tratu txarren eragileen menpe egoten dela ekonomikoki. Beharbada horrexegatik, gutxien ikertzen den indarkeria motetako bat da, nazio mailako inkestetatik urrun eta herrialdeetako plangintza gerontologikoetan ere ahantzita eta gutxietsita.

Mayte Sancho – Matia Fundazioko Plangintza zuzendaria 

Gaur, Matia Fundazioko Plangintza zuzendari Mayte Sanchorekin hitz egin dugu gai horri buruz.

G.- Mayte, baten baino gehiagotan esan duzu diskriminazioa dela tratu desegokiaren oinarria. Ildo beretik, OMEko Alana Officerrek adinkeriari buruz hitz egiten du, gizartean onartutako diskriminazio mota delakoan: «Oso txikitatik inkontzienteki barneratzen ditugu zahartzaroari lotutako portaera eta estereotipo negatiboak. Hein batean, horrexek azaltzen du zergatik saiatzen diren helduak beti gazte irauten, zahartzeagatik lotsatuta». Zergatik da horren zaila tratu txar mota hori plazaratzea? Nola aldaraz daiteke begirada hori?

Egia da: estereotipoak, adinagatiko diskriminazioa eta tratu txarrak elkarrekin lotuta daude. Uste dut lanbideari lotutako «rolen» kontua dela lotura gaizto horiek sortzeko funtsezko faktoreetako bat.

Pertsonak erretiroa hartzen duenean, beraren bizitzari zentzua eta eremua eman dion lanbide rola galtzen dute. Eginkizuna, rol soziala, galtzen badugu, geure balio soziala ere galtzen dugu. Praktikan horixe gertatzen da eta pertsona bera beste modu batean tratatzen hasteko bidea irekitzen dugu. Beharbada, pentsatzen hasi beharko dugu erizaina beti erizaina izango dela, eta berarekiko harremanetan izaera horri eutsi. Ona izango litzateke alderdi hauei erreparatzea: nola komunikatzen garen pertsona batekin «erretiroduna» dela esaten digunean; aurretiaz jostuna, sendagilea, zuzendaria edo iturgina izan arren, dagoeneko izate hori baztertu eta adinaren «homogeneotasuna» lehenesten dugu: ozenago hitz egiten hasten gatzaizkio, behar ez duenean ere laguntzen ahalegintzen gara… azken batean, komunikazioa infantilizatu egiten dugu, horrek dakarren guztiarekin.

G.- Eta zure ustez, zein da egoitzetako errealitatea? «Ongi» zaintzen al dira bertan bizi diren pertsonak? Praxi txarreko kasuak bakanak dira ala sakoneko arazoa da, egiturazkoa?

Oro har adinekoen egoitza zentroetan zaintza egokia ematen delakoan nago. Profesionalek ongi zaintzeko gaitasun nahikoa dute.

Alabaina, pertsonarengan ardaztutako arretaren esparruan lan egiten hasi garenetik, teknikoki zuzena dena baino harago joaten saiatzen gara. Pertsonen duintasunari buruzko hausnarketak etengabe akuilatzen gaitu, bereziki pertsona horiek laguntza handia ez ezik, komunikazio afektiboa eta elkarrekintza ere behar dituztelako; hau da, ikerketa kualitatiboak «beraren tokian jartzea» esaten dion hori.

Matian, ildo horretan oinarritu gara tratu hobea eskatzen duten egoerak —hau da, tratu txarra izan gabe, zaintza egokia izatetik urrun dauden egoerak — azaleratzen duen ikus-entzunezko materiala sortzeko. Ildo beretik, «tratu onaren» egoerak ere grabatu ditugu: egoera soilak, egunerokoak, dimentsio anitzekoak. Tratu onak adierazpide ugari ditu, ez da norabide bakarrekoa; izan ere, pertsona bakoitzaren nortasunarekin bat ematen da, naturaltasun osoz. Material horiek eta gidaliburu txiki bat erabiliz, ekimen hori gure zentroetan balioztatzen ari gara, eta emaitza bikainak lortu ditugu.

Lehen begi kolpean ikusi dugu portaera desegoki horiekiko «tolerantzia muga» goitik behera aldatu dela. Eta portaera batzuk desagertzen joan dira.

Emaitza horietako batzuk aurkeztuko ditugu EHUrekin eta Zahartzaroarekin batera uztailaren 11n eta 12an Donostian antolatu dugun «Trataera egokia eta zahartzaroa. Inplikazio praktikoak» udako ikastaroan. Hain zuzen, bertan izena emateko aholkua ematen dizuet.

G.- Komunitate esparruetan ere halako esku hartzeak egin beharko liratekeela uste duzu?

Jakina. Haurtzaroa da garairik egokiena haurrek adineko jendearekiko berdintasun tratua lantzeko. Elkarrekiko errespetuan oinarrituta, baina, horrekin batera, adinekoek (aitona-amonek) haurrak egunero zaintzeak dakarren berdintasunean eta maitasunean oinarrituta ere bai. Ez dago garai hori baino hoberik, jakinik zaintza eta laztanak etengabe eta naturaltasun osoz jorratzen direla harremanetan.

Dena dela, ingurune profesional espezializatuagoetan ere, adinekoekin dugun portaera eta haien balorazioa berrikusi egin behar ditugulakoan nago, batez ere laguntzaren premia dutenean.

Matiak bideo txiki bat kaleratu du gaur (BERARENTZAKO ONENA), argi eta garbi erakusteko zer dakarren pertsona baten bizitzaren norabidea aldatuko duten erabakiak finkatzean pertsona horren gogoa eta iritziak kontuan hartzen ez dituen portaera batek. Ikaragarria da halako egoerak horren maiz gertatzea.

 

Egilea

Plagintza Gerontologikoan Aditua

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • You may use [block:module=delta] tags to display the contents of block delta for module module.
  • You may use [view:name=display=args] tags to display views.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.