HasieraKoronabirusaren ondoren etxean geratzea: egoitzetan bizi direnen eskubidea ere bada

Koronabirusaren ondoren etxean geratzea: egoitzetan bizi direnen eskubidea ere bada

Ziurgabetasun garaia bizi dugu zahartzearen alorrean. Gainean dugun pandemian adinekoak protagonista bilakatu dira, batez ere egoitza zentroetan bizi direnak. Eta ez albiste onak daudelako. Munduko hainbat hiritan eta herritan, egunez egun, egoitzetan hildako pertsonen kopurua jasanezina izaten ari da.

Egoerak kezka eragiten digu, profesional eta herritar gisa, eta bizi dugunaren zergatiak argitzeko oraindik goiz bada ere, egokia da gogoeta batzuk egitea, gertatutakoa berriro gerta ez dadin.

Pertsonek ez dute egoitzetan bizi nahi, modu independentean bizitzeko gai ez direnean non bizi nahiko luketen galdetzen zaienean irudikatzen dituzten horietan ez behintzat. Azken aukera da, etxean egon eta bizitzea ezinezkoa den egoera iristean. Ironikoa bada ere, egunotan, etxean geratzea bizitza-aseguru modukoa da osasun aldetik egoera ahulenean dauden pertsonentzat.

Eta zer egingo dugu egoitzekin? Erantzuna erraza eta konplexua da aldi berean: etxe bihur ditzagun, ingurune seguruetan bizitzeko leku, bertan bizi direnen osasuna eta zoriona zainduko den bizileku. Leku horietan, gutxienez, etxean bezala bizitzeko aukerak sortzeko lan egin beharko da.

Osasuna gure bizitzaren ardatz bilakatu den egunotan, berriro entzun dira era jakin bateko zentro soziosanitarioak eskatzen dituzten iritziak: osasuna edo bizimodu ona kudeatu beharrean, gaixotasunaren kudeaketan oinarritutako zaintza lehenetsiko duten etorkizuneko zaintza inguruneen aldekoak. Ikuspuntu hori ez dator bat herritarren nahiarekin, eta ez du osasunaren ikuspegi integrala kontuan hartzen; gainera, bestelako alderdien garrantzia azpimarratzen duten ebidentzia zientifiko ugari dago. Horien arabera, zaintza behar duten adinekoen osasunari begira —harremanen mailako osasunari, emozionalari eta baita klinikoari ere—, berebiziko garrantzia dute eraikinen diseinuak, inguruneenak eta antolaketarenak.

Adineko pertsonak eta zaurgarriak direnak elkarrekin bizi diren inguruneetan, infekzioen hedapena galarazte aldera, logela indibidualen edota profesional talde egonkorren garrantzia erakusten duten ebidentziak bereziki adierazgarriak dira une hauetan. Ildo horretan, pentsatzekoa da plantilla finkoa duten bizikidetza unitate txikietan bizitzea kontuan hartzeko elementuetako bat dela infekzioak prebenitu nahi badira edo lehenbailehen antzeman, eta baita hedapenari aurre egiteko ere.

Gure herriko erakunde, entitate, ikertzaile eta profesionalak aspalditik ari gara lanean zaintza behar duten pertsonentzako bizitokien diseinuan «aldaketa kulturala» sustatzeko. Bizitoki horiek herritar guztiek duten etxebizitza eskubidea bermatu dezaten.

Ingurune horien diseinuan eta ekipamenduan errespetuz eta zuzentasunez uztartu behar dira pertsonaren nahiak eta zaintza beharrak. Batak bestea behar du, eta alderantziz.

Azken finean, kontua da krisialdi honen ostean egoitzetan bizi diren pertsonek ere «etxean geratzeko» aukera izan dezaten.

Berriki, gogoeta hauen harira, iraupen luzeko zaintzen eredua estatu mailan aldatzearen aldeko adierazpena argitaratu da. Idatziak egile asko izan ditu, guztiak zahartzearen eta desgaitasunaren alorreko adituak eta elkarteetako ordezkariak. Adierazpena irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, eta, egoki baderitzozue, bat egitera horrelako tokietan bizi diren pertsonen zaintza egokiaren aldeko mugimendu honekin.

Egilea

Matia Institutoko ikerlaria

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • You may use [block:module=delta] tags to display the contents of block delta for module module.
  • You may use [view:name=display=args] tags to display views.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.